17/1998
LEGEA, ekainaren 25ekoa, Boluntarioei Buruzkoa.
Eusko Legebiltzarrak ondoko legea onartu duela jakinarazten
zaie Euskadiko herritar guztiei:
EKAINAREN
25EKO 17/1998 LEGEA,
BOLUNTARIOEI BURUZKOA
ZIOEN ADIERAZPENA
Euskal
Autonomia Erkidegoan, arazoei aurre egin ahal izateko jendea
elkartzeko ohitura handia izan da beti, eta aspaldi hasi ziren
boluntario antolatuen mugimenduak.
Hainbat
eta hainbat erakunde aspalditik ibili izan dira herritarrek
zituzten behar frankori aurre egiteko komunitatean musutruk
lan egiten, era guztietako zerbitzuak emanez, eta beharrei
aurre egiteko moduren bat Administrazioak berak aurreikusi
baino lehenagotik ibili ere.
Hain
zuzen ere, borondatezko lanaren ondorioz sortu ziren mugimendu
sindikala, profesionalen talde asko, herritarren erakunde
ugari eta hainbat auzo nahiz erlijio erakunde.
Behin
onarturik aginte publikoek badutela erantzukizunik giza duintasunarentzako
oinarrizko eskubideez benetan baliatzeko bermeari dagokionez,
bai eta aukera-berdintasunari eta gizarte-berdintasuna eragozten
duten oztopoak kentzeari dagokienez ere, boluntarioen lanak
ez du izan behar aurretik aipatutako xedeekin zerikusia duten
zerbitzu publikoetan gertatzen diren hutsuneak ordezteko edo
betetzeko.
Boluntarioek,
euskal administrazio publikoei dagokienez, lagundu egin behar
dute, berrikuntzak sartuz eta beste gizarte-eragileekin batera
lan eginez, gizartea aldatzea helburu duten politika publikoak
diseinatzen, garatzen eta burutzen, betiere lehentasuna emanez
pobreziaren eta desberdintasunen aurka borrokatzeari eta zuzentasun
eta berdintasun handiagoko gizartea eraikitzeari.
Argi
utzi nahi dugu hori. Izan ere, badirudi gaur egun zalantzan
jartzen direla oraindik hasi berria dugun gure Ongizate Estatuaren
zenbait lorpen, eta arrisku bat dago: borondatezko gizarte-ekimena
ekintza profesionalaren ordezkotzat jotzeko arriskua, eta
ondorioz gizartearen beharrei aurre egiteko zerbitzu publikoak
sortu gabe uzteko arriskua.
Lege hau egitearen arrazoia honakoa da: alde batetik, erakundeei
buruzko zenbait alderdi Elkarteen Legean araututa badaude
ere, ez dagoela boluntarioen lana bera arautzeko legedi berezirik;
bestetik, legearen bidez boluntarioen ekimena babestu nahi
da.
Hori
dena bermatzeak eta boluntarioen eta kide direneko erakundeen
arteko harremanak nahiz erakunde horien eta Administrazioaren
arteko harremanak bermatzeak lagundu egiten du boluntarioen
zein erakundeen askatasuna areagotzen eta gehiegikeriak saihesten.
Baina lege honen ekarpen nagusia hauxe da: Euskal Administrazioak
boluntariotza sustatzeko hartzen duen konpromezua, aldi berean
herritar guztiek gizartea eraikitzen jarduteko duten eskubidea
azpimarratuz.
Legeak zati hauek ditu: hiru xedapen gehigarri, aldi baterako
xedapen bat eta azken xedapen bi.
I.
tituluan araututako xedapen orokorretan, legearen helburua
eta aplikazio eremua zein diren eta boluntariotza kontzeptua
zer den zehazten da; horrela, boluntariotza pertsona fisikoek
aurrera eramaten duten interes orokorreko ekimen-multzoa izango
litzateke, betiere zehazten diren baldintzetan egiten direnak;
baldintza horietatik kanpo dauden ekimenak eta lege honen
arabera boluntariotzaren barrukoak ez liratekeenak ere zehazten
dira. Horretaz gain, interes orokorrekotzat joko diren ekimenak
eta boluntariotzako ekimenak bideratzeko oinarriak zehazten
dira.
II.
tituluan Boluntarioaren Estatutua garatzen da bi kapitulutan
banatzen den azalpenean: lehenengo kapituluan, boluntarioei
buruzkoan, boluntario kontzeptua azaltzen da eta boluntarioaren
eskubideak eta betebeharrak ezartzen dira. Bigarrenean, erakundeei
eta erakunde eta boluntarioen arteko harremanei buruzkoan,
erakundeek zein baldintza bete behar dituzten zehazten da,
eta, lehenengo kapituluarekin bat etorriz, erakunde hauen
eskubideak eta betebeharrak arautzen dira. Boluntariotzako
erakundeak deiturikoak sortzea ere aurreikusten da, eta, aurrekoak
ez bezala, horiek izango duten espezifizitatea dela-eta, agian
herri onurakotzat joak izango dira.
III.
tituluak, boluntarioak dituzten erakundeen eta Administrazioaren
arteko harremanak arautzen dituenak, Eusko Jaurlaritzak bete
beharreko funtzioak ezartzen ditu, gizarte ongizate gaietarako
eskumena duen sailaren bidez beteko dituenak. Sail horren
menpe egongo da, era berean, Boluntariotzako Erakundeen Errolda
Orokorra, eta bertan izena eman ahal izango dute boluntarioak
dituzten erakundeek, programak edo egitasmoak Euskal Autonomia
Erkidegoaren eremuan egiten dituztenean. Bestalde, III. tituluan
administrazio publikoen eta erakundeen arteko harremanen oinarriak
ezartzen dira, hala nola elkarlaguntza, osagarritasuna eta
parte-hartzea.
IV.
tituluan, euskal administrazio publikoek boluntarioen lana
sustatzeko eta errazteko bultzatuko dituzten ekintzak ezartzen
dira, betiere euren eskumenek eta aurrekontu-ahalmenek horretarako
aukera ematen duten neurrian.
Azkenik,
V. tituluan, boluntariotzaren partaidetzari buruzkoan, Boluntariotzaren
Euskal Kontseilua sortu eta horren kideak eta eginkizunak
zein izango diren arautzen da. Boluntariotza gaiaren inguruan
biltzeko, kontsultak egiteko eta aholkuak emateko organoa
izango da kontseilua, eta gizarte ongizate arloan eskumena
duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita egongo da.
Xedapen
gehigarrietan, berriz, honakoa ezartzen da: alde batetik,
erakundeek eskatzen badute, boluntarioak erakundeetan sartzea
Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak ezarritako
hitzarmen- edo konpromezu-eredu normalizatu baten bidez formalizatu
ahal izango dela. Bestalde, epe bat ezarriko da Boluntariotzako
Erakundeen Errolda Orokorrak eta Boluntariotzaren Euskal Kontseiluak
beren funtzionamendu-araudiak egin ditzaten aski izango litzatekeena.
Azkenik,
aldi baterako xedapenean urtebeteko epea ezartzen da, lege
hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen
den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, legea indarrean
jartzen denean boluntarioak dituzten erakundeak legean ezarritakora
egoki daitezen.

I.
TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1.
artikulua.-
Legearen helburua eta esparrua.
1.-
Lege honen helburua hau da: irabazi-asmorik gabeko erakunde
pribatuek egiten dituzten boluntariotzako ekimenetan herritarren
parte-hartzea arautzea eta sustatzea; ekimen horietan ez dira
sartzen gizartean bere kasa sortzen diren elkartasun-erak.
2.-
Erakunde publikoek boluntarioen esku-hartzea beharrezkoa edo
komenigarria dela sumatzean, irabazi-asmorik ez duten erakunde
pribatuen bidez bideratuko dute esku-hartze hori; horrek,
ordea, ez du inondik ere euskal administrazio publikoen eginkizunen
utzikeriarik ekarri behar euskal herritarrei zerbitzu publikoak
emateari dagokionez.
3.-
Urtarrilaren 15eko 6/1996 Legearen 2. artikuluan (boluntariotzari
buruzkoan) ezarritakoa aldarazi gabe, lege honetan ezarritakoaren
arabera arautuko dira batik bat Euskal Herrian jardungo duten
erakundeak edota egoitza edo ordezkaritza Euskal Herrian duten
erakundeak. Horretarako, erakundeak osatzeko ezartzen denari
jarraituko zaio.
2.
artikulua.- Boluntariotza
kontzeptua.
1.-
Lege honen ondorioetarako, pertsona fisikoek aurrera eramaten
dituzten interes orokorreko ekimenen multzoa da boluntariotza,
ekimen horiek honako baldintza hauek betetzen badituzte:
a)
Norberaren probetxurako ezer lortzeko asmorik gabekoak izatea
eta elkartasunak bultzatuak izatea.
b)
Borondatezkoak eta askatasun osoz eginak izatea; arrazoia
lan-, funtzionariotza- edo merkataritza-harremana ez izatea,
ez eta obligazio pertsonala edo betebehar juridikoa ere.
c)
Irabazi-asmorik ez duten erakundeen bidez eta programa edo
egitasmo zehatzei jarraiki eginak izatea.
d)
Ordainsaririk gabeak izatea.
e)
Ordaindutako zerbitzu profesionalak inolaz ere ez ordezkatzea.
2.-
Legearen ondorioetarako ez dira boluntariotza izango erakundeetatik
kanpo une jakin batean edo noizean behin famili kontuengatik,
adiskidetasunagatik, on egiteagatik edo auzoko bizikidetasun
onak bultzatuta egindako borondatezko ekintzak.
3.-
Ordezko zerbitzu sozial gisa egindakoa ere ez da borondatezko
ekintzatzat joko.
3.
artikulua.- Interes orokorreko
ekimenak.
Aurreko
artikuluan ezarritakoa argitzeko, interes orokorrekotzat jotzen
diren ekimenak honakoak dira: gizartearen edo pertsonaren
onerako lan egiteko konpromezua dutenak, esparrua edozein
dela ere: gizartea, komunitatea, hiria, kultura, garapena,
ingurugiroaren babesa edo antzekoa.
4.
artikulua.- Jarduteko oinarriak.
Esparru
ezberdinetako boluntariotzako ekimenek balore hauek izango
dituzte oinarrian: elkartasuna, partaidetza, doakotasuna,
autonomia aginte publikoen aurrean, bereizkeriarik eza, aniztasuna,
integrazioa, prebentzioa, gizartearen sentsibilizazioa eta,
oro har, gizarte demokratiko, moderno eta parte-hartzaile,
zuzen eta berdintasunezko batean elkarbizitza errazten duten
baloreak.

II.
TITULUA
BOLUNTARIOAREN ESTATUTUA
I. KAPITULUA
BOLUNTARIOAK
5.
artikulua.- Boluntario kontzeptua.
1.-
Boluntarioa lege honetan aipatutako ekintzak egiteko konpromezua
askatasun osoz hartzen duen pertsona fisikoa da; boluntariotzat
jotzeko, ekintzek 2. artikuluan ezarritako baldintzak bete
beharko dituzte.
2.-
Boluntariotzak boluntarioaren eta erakundearen artean harremanak
izatea eskatzen du. Harreman horiek hainbat eskubide eta obligazio
sortzen dituzte elkarrekiko, eta horiek, edo horien alderdirik
nagusienak, Lege honetako 8.4a) artikuluan aipatutako barne
estatutuak arautuko ditu.
3.-
Boluntario izatea eta erakundeko bazkide izatea bateragarria
izango da. Erakunde batean profesional modura jarduten dutenek
edo erakunde horrekin laneko, merkataritzako edo beste edonolako
harreman ordainsaridunak dituztenek ezin izango dituzte, inolaz
ere, lan horiek berberak boluntario gisa egin.
6.
artikulua.- Boluntarioaren
eskubideak.
Boluntarioaren
eskubideak dira:
a)
Sartzen den erakundean aktiboki parte hartzea, erakundeari
buruz jaso beharreko informazioa jasoz (batez ere haren xedeei,
egiturari eta funtzionamenduari buruzkoa), erakundean parte-hartze
organoak sortzea eta organo horietako kide izatea.
b)
Esku hartzen dueneko programa edo egitasmoak diseinatu, egin,
burutu eta ebaluatzen laguntza ematea; horretaz gain, erakundeko
boluntario den aldetik, berari ere badagozkion gaietan iritzia
emateko eskubidea izango du boluntarioak.
c)
Boluntario-lanak eskatzen duen laguntza teknikoa nahiz heziketa-
eta giza laguntza jasotzea eta bere izaera eta ahalmenetara
hobekien egokitzen den lanetara bideratzea.
d)
Aseguratuta egotea, boluntario gisa lan egitean bitartekoren
bati kalterik egin baliezaioke ere; asegurua araudian ezarritako
baldintzetan eta araudiak ezarritako kapitalaren bidez egingo
da.
e)
Boluntarioak bere lana betetzeko xahututako dirua berreskuratzea,
baldin eta erakundea eta boluntarioaren artean hitzartutako
baldintzetan horrela ezarrita badago, eta, betiere, hitzarmenean
jarritako mugen barruan.
f)
Ekintzak boluntarioaren bizilekutik ahalik eta hurbilen egitea,
programek eta egitasmoek horretarako aukera ematen duten neurrian.
g)
Bazterkeriarik gabe eta zuzentasunez tratatua izatea, boluntarioaren
askatasuna, intimitatea eta sinismenak errespetatuz.
h)
Lana segurtasun- eta higiene- baldintza egokietan egitea,
lanaren ezaugarriek eskatzen dutenaren arabera.
i)
Gizarteari emandako laguntzak merezi duen errespetua eta errekonozimendua
lortzea.
j)
Aurrez jakinarazita, boluntario izateari askatasunez uztea.
k)
Lege honetatik eta boluntariotzari buruzko gainerako antolamendu
juridikotik etorritako beste guztiak.
7.
artikulua.- Boluntarioaren
betebeharrak.
Hauek
dira boluntarioaren betebeharrak:
a)
Sartuta dauden erakundeari laguntza ematea, bere ahalmen eta
borondatearen heinean, parte hartuz eta erakundearekin batera
lan eginez.
b)
Erakundearekiko hartutako konpromezuak betetzea, erakundearen
araubidea eta helburuak errespetatuz.
c)
Berari egokitutako lanak arduraz egitea eta erakundeko arduradunek
ezarritako jarraibideei segitzea.
d)
Erakundeak aurreikusitako heziketa-ekintzetan eta lana behar
bezala egiteko beharrezko ekimenetan parte hartzea.
e)
Boluntario gisa lan egitean jasotako edo jakindako informazioa
isilpean gordetzea.
f)
Lagundu nahi dituzten pertsonen eta pertsona-taldeen eskubideak
errespetatzea.
g)
Boluntario-agiria eta erakundearen bereizgarria egoki erabiltzea.
h)
Boluntarioaren esku uzten diren baliabide materialak zaintzea.
i)
Oro har, boluntario-lana lege honetako 4. artikuluan ezarritako
oinarriak betez egitea.
j)
Lege honetatik eta boluntariotzari buruzko gainerako antolamendu
juridikotik etorritako beste guztiak.
k)
Onartzen diren segurtasun eta higieneko neurriak betetzea.

II.
KAPITULUA
ERAKUNDEAK ETA HORIEN HARREMANAK BOLUNTARIOEKIN
8.
artikulua.- Erakundeak.
1.-
Boluntarioak dituzten erakundeak, edozein lege-ereduri dagozkiola
ere, baldintza hauek bete beharko dituzte: legearen arabera
osatuak izatea, nortasun juridiko propioa edukitzea, irabazi-asmorik
ez izatea, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen barruan
fundazio eta elkarteei dagokien erregistroan behar bezala
erregistratuta egotea eta interes orokorreko ekintzen barruan
programak edo egitasmoak garatzea (lege honetako 3. artikuluan
zehaztuak).
2.-
Boluntariotzako erakunde izendapena erakunde hauek hartuko
dute: aurreko baldintzak betetzeaz gain kide gehienak boluntarioak
dituztelarik, egiten dituzten programa edo egitasmo gehienak
batik bat boluntarioen bidez egiten dituzten erakundeak.
3.-
Boluntarioak erakundean sartzeko bidea idatziz jasoko den
hitzarmen edo konpromezua izango da. Bertan erakundearen eta
boluntarioaren arteko harremana altruista izango dela eta
batak bestearekiko dituen eskubideak eta betebeharrak zeintzuk
diren zehaztuko da; horretaz gain, eginkizunak, ekintzak,
harremanaren iraupena, harreman hori desegiteko arrazoiak
eta erakundeak eta boluntarioek finkatu nahi dituzten beste
hainbat puntu zehaztuko dira, legeak dioena betetzen dela
ziurtatzeko.
4.-
Erakundeek honakoak egin beharko dituzte:
a)
Erakundearen barnean boluntarioaren estatutu bat eratu beharko
dute, eta bertan ezarri, gutxienez, erakundean onartzeko eta
ez onartzeko irizpideak zein boluntarioen eskubide eta betebeharrak.
b)
Behar dena antolatu, boluntarioak bai erakundean eta bai parte
hartuko duen programa eta egitasmoetan bere laguntza emango
duela eta behar duen informazioa jasoko duela bermatzeko.
c)
Egin beharreko lanak egiteko egokiak diren bitartekoak eta
laguntza eman boluntarioei.
d)
Boluntarioei lanak ondo egiteko beharrezkoa den heziketa eman.
e)
Boluntarioentzako aseguru-poliza sinatu; horren bidez, boluntarioak
bere lana egiterakoan bitartekoren bati kalterik eginez gero
aseguruak ordainduko lituzke kalteak, betiere araudian ezartzen
diren baldintzetan eta araudiak ezartzen duen kapitalaren
bidez.
f)
Boluntario gisa egiten duen berariazko lanari dagozkion segurtasun-
eta higiene-baldintzak bermatu.
g)
Boluntarioari berak egindako lanak egiaztatzen dituen agiri
bat egin.
h)
Boluntario berri bat erakundean sartzean egiten den hitzarmenean
ezarritakoa bete.
i)
Erakundean sartzen direnen eta erakundeko kide izateari uzten
diotenen erregistroa egin.
j)
Boluntario gisa lan egitean boluntarioak xahututako diru-kopurua
itzuli, baldin eta erakundea eta boluntarioaren artean hitzartutako
baldintzetan horrela ezarrita badago, eta, betiere, hitzarmenean
jarritako mugen barruan.
k)
Boluntarioari egiaztagiri bat eman bere lanerako gaitu eta
identifikatuko duena.
5.-
Erakundeen eskubideak dira:
a)
Egin beharreko lanaren arabera aukeratzea boluntarioak.
b)
Erakundeek egiten duten borondatezko lanaren inguruan beharrezko
informazioa eta orientabidea eskatzea Administrazioari eta
eskatutako hori jasotzea.
c)
Borondatezko lana sustatzeko ekintzetan aurreikusten diren
neurrietara jo ahal izatea.

III.
TITULUA
BOLUNTARIOAK DITUZTEN ERAKUNDEEN
ETA ADMINISTRAZIOAREN ARTEKO
HARREMANAK
9.
artikulua.- Eusko Jaurlaritzaren
eskumenak.
Boluntariotzari
dagokionez, Eusko Jaurlaritzak honako eginkizun hauek beteko
ditu gizarte ongizatearen arloan eskumenak dituen sailaren
bidez:
a)
Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorra kudeatu eta antolatu.
b)
Boluntariotzaren baliabideei buruzko katalogo bat egin, bertan
Autonomia Erkidegoan garatzen diren programen edukia agertuko
delarik.
c)
Lehendik dauden fondoak koordinatuko dituzten boluntariotzari
buruzko agiri-fondoa eta datu-basea sortu.
d)
Boluntariotzako egitasmo jakin bati ekin dioten erakundeei
behar eta eskatzen dituzten aholkuak eta laguntza eman.
10.
artikulua.- Boluntariotzako
Erakundeen Errolda Orokorra.
1.-
Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorra sortuko du gizarte
ongizatearen arloan eskuduntza duen Eusko Jaurlaritzako sailak.
Errolda horretan 8. artikuluan aipatzen diren erakundeak sartuko
dira, hain zuzen ere 1.3 artikuluan ezarritakoari jarraiki
lege hau bete behar duten erakundeak.
2.-
Euskal Autonomia Erkidegoaren eskuduntzapeko fundazio- eta
elkarte-erregistroen arduradunek erroldan jakinarazi beharko
dute fundazio eta elkarte horietan jende berria sartzean,
baldin eta erakundeak boluntarioak baditu. Horretarako, hasieran
izen-ematea egiterakoan, erakundeek erregistroei jakinarazi
beharko diete boluntarioak dituzten erakundeak direla.
3.-
Dena dela, eta aurreko lerrokadan aurreikusitakoa aldarazten
ez dela, erakundeek zuzenean ere eman ahal izango dute izena
erroldan.
11.
artikulua.- Administrazio
publikoen eta erakundeen arteko harremanak bultzatu dituzten
printzipioak.
1.-
Elkarlaguntza, parte-hartzea eta osagarritasuna izango dira
administrazio publikoen eta erakundeen arteko harremanen oinarri.
Nolanahi ere, boluntariotzako erakundeek antolaketarako eta
ekimenak bultzatzeko duten autonomia babestu beharko du Administrazioak.
2.-
Berariazko hitzarmenen bidez bideratuko da nagusiki administrazio
publikoen eta erakundeen arteko elkarlaguntza.
3.-
Administrazio publikoen eta erakundeen arteko harremanak beharrezkoak
eta komenigarriak izanik ere, horrek ez ditu inola ere aginte
publikoak beren erantzukizunetik libre uzten ez giza duintasunarentzako
oinarrizko eskubideez benetan baliatzeko bermeari dagokionez,
ez aukera-berdintasunari eta gizarte-berdintasuna eragozten
duten oztopoak kentzeari dagokienez.

IV.
TITULUA
BOLUNTARIOTZA SUSTATZEA
12.
artikulua.- Sustatzeko neurri
orokorrak.
Boluntarioen
lana erraztu eta sustatzeko asmotan, euskal administrazio
publikoek honako ekimen hauek bultzatuko dituzte, besteak
beste, euren aurrekontu-baliabideek ahalbidetzen dieten neurrian:
a)
Boluntarioak dituzten erakunde ezberdinen baliabide eta bitartekoak
bateratu, batez ere heziketari eta informazioa biltzeari dagokienez.
b)
Boluntariotza antolatua oro har sustatzeko bitartekoak jarri,
laguntzako boluntariotzaren aurrean boluntariotza eraldatzaileari
lehentasuna emanez, sustatzeko bitarteakoak jarri. Modu berezian
sustatuko dira lurralde eta udal batera mugatu gabe erakundeen
arteko elkarlaguntza bultzatzen duten ekimenak, sektore eta
esparru bakarrean jarduteko ez direnak.
c)
Dirulaguntza programetarako deialdiak egin eta hitzarmenak
sinatu, hartara administrazio publikoen errolda nahiz erregistroetan
sartutako erakundeak iraunarazteko eta horien heziketa eta
ekimenak bultzatzeko.
d)
Boluntariotzari buruzko ikerketak, azterketak eta argitalpenak
egin.
e)
Erakundeei informazioa, dokumentazioa, aholkuak eta laguntza
teknikoa eman.
f)
Boluntariotzari buruzko informazio-kanpainak antolatu eta
boluntariotzaren baloreak zabaldu.
g)
Borondatezko lana publikoki eskertzeko ohorezko neurriak ezarri.
h)
Komunikabideetan boluntarioaren mezua agertuko dela bermatu,
bai eta boluntarioaren lana oro har publikoki ezagutzera emango
dela ere.
i)
Autonomia Erkidegoko erakundeak Autonomia Erkidegoaz kanpoko
lurralde eremua duten beste erakunde batzuekin harremanetan
jarri.
j)
Lanaldia murrizteko edo egokitzeko neurriak jarri, borondatezko
lana egin ahal izateko.
k)
Borondatezko lana errazteko lege-, lan- eta zerga-esparru
egokiak bultzatu.
13.
artikulua.- Herri onurakotzat
jotzea.
Lege
honetako 8.2 artikuluak barne hartzen dituen boluntariotzako
erakundeak herri onurakotzat jo daitezke, beren forma juridikoei
dagokien berariazko legedian ezarritakoari jarraiki.

V.
TITULUA
BOLUNTARIOTZAREN PARTAIDETZA
14.
artikulua.- Boluntariotzaren
Euskal Kontseilua.
1.-
Elkartasun-politikan gizarteko erakundeek eta gizarte osoak
parte hartzeko, Boluntariotzaren Euskal Kontseilua sortu da,
boluntariotza gaiaren inguruan biltzeko, aholkuak emateko
eta kontsultak egiteko organo gisa.
2.-
Kontseilu hori gizarte ongizate arloan eskumena duen Eusko
Jaurlaritzako sailari atxikita egongo da.
15.
artikulua.- Eginkizunak.
Boluntariotzaren
Euskal Kontseiluaren eginkizunak honakoak izango dira:
a)
Arau orokorrak emateko aurreproiektuak edo proiektuak egiterakoan,
Boluntariotzaren Euskal Kontseiluak ezinbestean egin beharko
du horiei buruzko txostena, baldin eta arau horiek zuzenean
boluntariotzari badagozkio. Txostena, boluntarioek eskatu
eta hamabost eguneko epean bidali beharko da.
b)
Boluntariotzaren oinarrizko beharrak zeintzuk diren antzeman
eta aztertu.
c)
Euskal administrazio publikoei aholkua eman eta proposamenak
zein egitasmoak aurkeztu borondatezko lana egiten den esparru
ezberdinei buruz. Horrekin batera, boluntariotza programak
diruz laguntzerakoan lehentasuna izango luketen irizpideak
proposatu.
d)
Boluntariotza sustatzeko neurriak aztertzeko eta zuzentzeko
proposamenak egin euskal administrazio publikoei.
e)
Jakinaren gainean egon euskal administrazio publikoek boluntariotza
programen gainean egindako jarraipenaz eta ebaluazioaz, bai
eta emandako dirulaguntzez ere.
f)
Euskal Autonomia Erkidegoko boluntariotzaren egoeraren berri
eman urtero, txosten baten bidez.
g)
Elkartasunarekin zerikusia duten parte-hartze organoetan gizarte
eragileak egotea bultzatu.
h)
Kontseiluaren funtzionamendu-araudia proposatu Gobernuari.
i)
Ekintzen urteroko txostena onartu.
16.
artikulua.-
Osaera.
1.-
Boluntariotzaren Euskal Kontseiluaren kideak honakoak izango
dira:
a)
Lehendakaria: kontseilua Eusko Jaurlaritzako sail bati atxikita
egongo denez, sail horretako sailburua bera edo horrek eskuordetutako
pertsona.
b)
Lehendakariordea: boluntariotzako erakundeen artean aukeratutako
bat. Lehendakariaren hainbat eginkizun beteko ditu, araudiz
ezarrita daudenak, hain zuzen.
c)
Bokalak:
-
Eusko Jaurlaritzako sei ordezkari, sailburuorde mailakoak,
gizarte ongizate, ingurugiro, babes zibil, kanpo ekintza,
kultura, hezkuntza, kirol eta osasun arloan eskumenak dituzten
sailek izendatuak.
-
Foru aldundietako hiru ordezkari, aldundiek berek izendatuak.
-
Udaletako hiru ordezkari, ordezkaritza handiena duen euskal
udal elkarteak izendatuak.
-
Erakundeetako hamahiru ordezkari, Boluntariotzako Erakundeen
Errolda Orokorrean izena emandako erakundeen artetik aukeratuak,
hain zuzen ere erakunderik txikienetako ordezkariak ere bokal
izan ahal izateko moduko partaidetza-sistema batez aukeratuak.
Ordezkari horiek guztiak edo horietako batzuk izendatu gabe
egonez gero, kontseiluko lehendakariak izendatuko ditu.
d)
Idazkaria: lehendakariak izendatuko du kontseiluko kideen
artean.
2.-
Kontseilukideak hiru urterako aukeratuko dira, duten ordezkaritzaren
arabera, nahiz eta aldi hori beste horrenbeste luzatu ahal
izango den. Izendatu zituen organoak kendu ere egin ditzake
kontseilutik, dagokien aldia bete baino lehen.
3.-
oluntariotzaren Euskal Kontseilura jotzeko eskubidea izango
dute, halaber, tratatzen den gaian adituak direnek, baina
informatzeko edo aholkua jasotzeko soil-soilik.
XEDAPEN
GEHIGARRIAK
Bat.-
Eredu normalizatua.
Lege
honetako 8.3 artikuluan aipatzen den hitzarmen- edo konpromezu-eredu
normalizatua bidaliko die Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte
Segurantza Sailak hala eskatzen duten erakundeei.
Bi.-
Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorra.
Lege
hau indarrean jarri eta sei hilabeteko epean, Eusko Jaurlaritzak
funtzionamendu-araudi bat onartuko du Boluntariotzako Erakundeen
Errolda Orokorrerako, gizarte ongizatearen arloan eskumena
duen sailburuak proposatuta.
Hiru.-
Boluntariotzaren Euskal Kontseilua.
Boluntariotzaren
Euskal Erakundea eratu eta sei hilabeteko epean funtzionamendu-araudi
bat egingo du; funtzionamendu-araudi hori Eusko Jaurlaritzak
onartuko du, gizarte ongizatearen arloan eskumena duen sailburuak
proposatuta.
ALDI
BATERAKO XEDAPENA
Bakarra.-
Erakundeak egokitzea.
Lege
hau indarrean jartzen den unean boluntarioak dituzten erakundeek
lege honetan ezarritakora egokitu beharko dute lege hau Euskal
Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta urtebeteko
epean.
AZKEN
XEDAPENAK
Bat.-
Araudi bidezko garapena.
Eusko
Jaurlaritzari eskumena ematen zaio lege hau garatu eta aplikatzeko
eman beharreko xedapenak emateko.
Bi.-
Indarrean jartzea.
Lege
hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta
biharamunean jarriko da indarrean.
Beraz, lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen
diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteizen,
1998ko uztailaren 2an.
Lehendakaria,
JOSÉ ANTONIO ARDANZA GARRO.

|